GARA, 1999/7/15

      "Egin Irratiak utzitako hutsuneak hor jarraitzen du"

      Marian BEITIALARRANGOITIA "Egin Irrati"ko zuzendaria

      Egin itxi zuteneko lehen urteurrenean, Marian Beitialarrangoitia ''Egin Irrati'' ko zuzendariak irratiak utzitako hutsuneak hor jarraitzen duela gogoratu, eta komunikabide horrek bere entzuleekin zuen harreman estua azpimarratu du.

      Zein oroitzapen dituzu zoritxarreko egun hartaz?

      Ikaragarrizko frustrazioa eta ustekabea izan zen niretzat goiz hartan jaiki, eta lanera joan behar nuenean, ezin genuela sartu eta irratian ez zegoela albistegirik ikustea. Epe motzerako zerbait izango zela pentsatu eta, orduak joan ahala, epe luzerako zerbait izan zitekeela ohartzean zama handia erori zitzaidan gainera. Ezjakintasun sentimendua ere bazen, baina pixkanaka hasi ginen konturatzen zer zegoen guztiaren atzean.

      Irratiak entzule leialak zituen, nola hartu zuten itxiera?

      Haserre biziz, eguneroko jakia eskaintzen zien irratia kendu egin zietelako. Langileok ikaragarrizko injustizia zela ikusten genuen eta entzuleek ere hasieratik ulertu zuten itxiera neurrigabea zela eta ez zeukala inolako zentzurik. Erreakzioa ere berehalakoa izan zen, eta entzule zein irakurleak kalera atera ziren injustizia hori salatzera. Horren lekuko dira egin ziren mobilizazio jendetsuak, eta bereziki "Egin" itxi eta hiru egun beranduago Donostian egin zen manifestazio erraldoia, bertan egin den handienetakoa.

      Zein zen ''Egin Irratia''ren berezitasuna entzuleekin hain harreman estua izateko?

      Irratiak bederatzi urte bete berriak zituen itxiera gertatu zenean, eta urte horietan beti saiatu zen gauzak ziren moduan kontatzen, iritzi ezberdinak bilduz. Beste komunikabide batzuetan aurkitu ez zitezkeen iritziak biltzen zituen, eta hori oso garrantzitsua zen. Gaur egun, urtebete beranduago, beste testuinguru bat nabari daiteke komunikabideetan ere, egoera politikoa neurri batean lasaitu egin delako eta hori ere komunikabideetan islatzen delako. Duela urtebete zenbait albistek toki gutxi zuten komunikabideetan eta irratiak txoko bat eskaintzen zien. Horretaz aparte, entzuleengandik gertu zegoen, gertu sentitu nahi zuen eta lortu egiten zuen gainera. Jendeak irratian parte hartzen zuen, bere arazoak kontatzen zituen eta askotan albisteak herritarren bidez heltzen zitzaizkigun. Bere umiltasun eta txiki- tasunaren barruan, komunikabideen esparruan bere ekarpena egiten ahalegindu zen, eta ahalegin hori hor dago.

      Uztailaren 16an ''Euskadi Informacion'' kaleratu zen, baina irratiaren ahotsa betirako isildu zuten. ''Egin Irratia''ren ezaugarririk izango lukeen beste irratirik sortzeko aukerarik ikusten al duzu?

      Pozik egongo nintzateke sortuko balitz. Ez dut esan nahi beste irratiak entzun ezin direnik edo esparru hori betetzen ez duen komunikabiderik ez dagoenik. ''Egin Irratia''k bere tokia zuen eta etorkizunean ere izan dezakeela uste dut. GARA kaleratzeko proiektua sortu zenean ere ez zen egunkarira mugatzen, proiektu irekiagoa zen. Pentsa liteke, beraz, epe motz edo luze batean erabaki hori hartuko duela hartu behar duenak. Espazioak hor jarraitzen du eta entzuleek estimatuko lukete antzeko irratiren bat sortzea. Zenbait irratik aitortzen dute gainera ''Egin Irratia''ren entzuleak bereganatu dituztela.

      Gaur egungo testuinguru politikoan, ''Egin'' ixten ausartuko liratekeela uste al duzu?

      Nik uste dut ezetz. Hala ere, garbi daukat egungo testuinguruan Euskal Herrian har daitekeen edozein erabakiren aurrean, Madrilek ez duela erakutsi oraingoz hori onartzeko borondaterik. "Egin"en itxierak utzi digun ikasgairik garrantzitsuena zera da: Madrili zerbait gustatzen ez zaionean hori suntsitzea erabakitzen du, eta azkenean lortu egiten du. Etorkizunean ere gauza bera egin dezake beste edozerekin. "Egin"ena adierazpen askatasunaren aurkako eraso bortitza izan zen eta nolabaiteko abisu bat ere izan zela uste dut. Alde horretatik, zailagoa ikusten dut gaur egungo egoeran iaz egin zutena egitea; baina etorkizunean herri honek zein norabide hartuko duen ikusita, batek daki ez ote dugun antzekorik pairatu behar izango.

      egin closed home